Zu hemen zaude

Agentzia

  • Aurkezpena

    Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentzia erakunde publikoa da, Lehendakaritza, Gorteekiko Harremanak eta Berdintasun Ministerioren mendekoa, nortasun juridiko publiko bereizia eta xedeak betetzeko jardun gaitasun osoa duena. Ondare eta diruzaintza propioak ditu eta baita kudeaketa autonomia eta autonomia funtzionala ere, Estatu Agentzien Legeak eta erakunde honen Estatutuak xedatutako mugen barnean.

    Agentziak bere jarduera garatzen du hiru helburu estrategikoren inguruan:

    • 1. helburua: Eraginkortasunez eta legean xedatutakoa betez ematea arauen publizitatearen zerbitzu publikoa, bai eta ordenamendu juridikoak “Estatuko Aldizkari Ofizialean” eta “Merkataritza Erregistroko Aldizkari Ofizialean” argitaratu beharrezkotzat jotzen dituen gainerako xedapen eta egintzen publizitatearen zerbitzu publikoa ere.
    • 2. helburua: Legeriaren eta aldizkari ofizialaren gainerako edukien hedapen handiena burutzea, herritarrek oro har, profesionalek, enpresek eta Agentziaren bestelako bezeroek eduki horietara sarbidea izan dezaten.
    • 3. helburua: Estatuko Administrazio Orokorraren eta haren zuzenbide publikoko erakundeen inprimategia eta “erreferentziako” banatzailea izatea orotariko argitalpen ofizialetarako, bai eta Agentziaren xedeen barne dauden mota guztietako lanak burutzea eta beste herri administrazio batzuei zerbitzu horiek ematea adostutako baldintzen arabera.

    Agentziaren eginkizunak dira:

    • “Estatuko Aldizkari Ofizialaren” edizioa, argitaratzea eta hedapena, izaera esklusiboarekin.
    • “Estatuko Aldizkari Ofiziala” barne izango duen egoitza elektronikoaren kudeaketa eta administrazioa.
    • “Merkataritza Erregistroko Aldizkari Ofizialaren” edizioa, inprimaketa, argitaratzea eta hedapena, izaera esklusiboarekin.
    • Edozein euskarritan argitaratzea interes berezikoak diren xedapenen bildumak, konpilazioak, legezko testuak eta separatak, bai eta argitaratutakoaren etengabeko eguneraketa eta bateratzea.
    • Legegintzako, jurisprudentziako edo doktrinako dokumentuzko produktuen sorrera eta zabalkundea, “Estatuko Aldizkari Ofiziala” eta beste legegintzako argitalpen batzuk oinarri hartuta.
    • Telekomunikazioetako sare irekien bitartez zabaltzea “Estatuko Aldizkari Ofiziala” oinarri hartuta prestatutako produktuak eta Agentziak –bere horretan edo beste ministerio, organo edo erakunde batzuekin lankidetzan– sortutako edo kudeatutako beste edozein eduki.
    • Azterlan zientifiko edo teknikoak argitaratzea, bai Agentziaren ekimenez zein Estatuko Administrazio Orokorraren beste organo batzuekin eta erakunde publiko eta pribatuekin izenpetutako hitzarmenak betez.
    • Ministerioek, organismoek eta bestelako erakunde publikoek eskatutako izaera ofizialeko inprimaketa lanak burutzea.
    • Lan propioen eta beste Administrazio edo erakunde ofizial batzuek editatutako lanen banaketa eta merkaturatzea, helburu horietarako izenpetutako hitzarmenen arabera.
    • Sektore publikoko kontratuen lizitazioen eta esleipenen iragarkiak edozein euskarritan kudeatzea eta hedatzea.

    Horrez gain, Agentziak badu Estatuko Administrazio Orokorraren eta haren organismo eta zuzenbide publikoko erakundeen bitarteko instrumental propioaren izaera Agentziaren xedeen barne dauden gaietarako.

    Igo

  • Historia

    BOEk 1661az geroztik izan dituen izenen kronologia laburtuaren grafikoa[D]

    Inprenta agertzearekin batera eta haren ondorengo erabileraren hedapenarekin batera iritsi zen informazioaren eta garapen kulturalaren gorakada.

    Eskuizkribu iragankor eta manipulagarriekin alderatuta, inprentak testuak finkatzea eta seriean ekoiztea ahalbidetu zuen eta hori funtsezkoa izan zen informazioaren hedapenerako.

    XVII. mendeko azken herenean, nabarmenki areagotu zen kazetaritzako literatura eta, zehazki, Aldizkari edo Buletin ugari sortu ziren Europako herrialde gehienetan. Argitalpen hauek ekimen pribatuaren eskutik jaio ziren eta izaera informatzailea zuten soilik.

    Gure herrialdean, fenomeno hau 1661. urtean agertu zen, Gazetaren sorrerarekin, informazio orokorreko lehen egunkaria izan zena. 1697. urtean “Gaceta de Madrid” izenburupean argitaratzen hasi zen. Carlos III.-aren erregealdian zehar, 1762. urtean, Koroak bere gain hartu zuen Gazeta inprimatzeko pribilegioa. Argitalpena informazio bide ofizial izatera igaro zen, Gobernuaren irizpideak eta erabakiak islatzen zituena. 1787. urtean Errege Inprimategia sortu zen.

    1808-1814 urte bitartean, hainbat “Gaceta” argitaratu ziren udalerri anitzetan.

    Ondoren, 1836an, xedatu egin zen Gobernuak emandako dekretu, agindu eta jarraibide guztiak derrigorrezkotzat joko zirela Gazetan argitaratzen ziren momentutik aurrera. Honela bihurtu zen legegintzako eta arauzko adierazpen organo, gaur egun arte mantendu duen ezaugarria, hain zuzen ere.

    Gazetaren egitura 1886. urtean ezarri zen interes orokorrekoak ziren dokumentuak soilik argitaratzeko xedearekin (legeak, dekretuak, epaitegien epaiak, herri administrazioko kontratuak, iragarki ofizialak, etab.). Halaber, xedapenak argitaratzeko ordena arautu zen, dokumentuen txertaketarako presa eta lehentasun irizpideak kontuan hartuta: legeak, errege dekretuak, errege aginduak, etab. Azkenik, xedatu egin zen, atal bakoitzaren barnean, txertaketa ordena Ministerioen antzinakotasunaren arabera ezarriko zela, betiere Ministro Kontseiluaren Lehendakaritza lehena izanik. Egitura hori 1909ko ekainaren 6ko Errege Aginduan definitu zen.

    Burgoseko Gobernuak, Gerra Zibilean zehar, Estatuko Aldizkari Ofiziala izena erabili zuen Errepublikako Gazetatik bereizteko ahaleginean. Estatuko Aldizkari Ofiziala izena 1936ko urritik 1961era arte mantendu zen. Data horretatik 1986. urtera arte, Estatuko Aldizkari Ofiziala - Madrileko Gazeta izena hartu zuen eta, 1986az geroztik, berriz ere Estatuko Aldizkari Ofiziala izatera igaro zen.

    1948., 1957., 1960. eta 1986. urteetako arauetan osatuz joan zen Estatuko Aldizkari Ofizialaren funtzionamendua.

    Azaroaren 12ko 1495/2007 Errege Dekretuak Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentzia sortu zuen eta haren estatutua onartu zuen, eta otsailaren 8ko 181/2008 Errege Dekretuak, “Estatuko Aldizkari Ofiziala” aldizkari ofizialaren ordenamenduari buruzkoak, haren edizio elektronikoa arautu zuen.

    Igo

  • Non gaude?

    Manoteras etorbideko egoitza

    Manoteras etorbideko egoitzaren kokapen planoa

    Manoteras etorbideko egoitzan daude Inprenta Nazionala eta Agentziaren kudeaketa zerbitzuen gehiengoa:

    • Avda. de Manoteras, 54. 28050 MADRIL
    • Autobusak: 174 / 150 autobusak
    • Metro ligero: Virgen del Cortijo (ML1)
    • Aldiriko trenak: Fuente de la Mora, C1 / C7 / C10 trenak

    Ordutegia:

    • Erregistro nagusia: astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara.
    • Iragarki zerbitzua: astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara.

    Trafalgar kaleko egoitza

    Trafalgar kaleko egoitzaren kokapen planoa

    Trafalgar kaleko egoitzan dago Liburu Denda:

    • C./ Trafalgar, 27. 28010 MADRIL
    • 3 / 16 / 61 / 147 / 149 autobusak
    • Metroa: Bilbao / Iglesia / Quevedo

    Ordutegia:

    • Liburu Denda: astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 20:00etara; larunbatetan 9:00etatik 14:00etara.

      Abuztua: astelehenetik ostiralera 9:00etatik 14:00etara; liburu denda itxita egongo da larunbatetan eta abuztuaren 10etik 15era.

    060 Estatuko Admin. Orokorra

    Zerbitzu honek orotariko informazio orokorra eskaintzen du Agentziaren eta haren zerbitzuen inguruan.

    Igo

  • Araudia

    Igo

  • Kudeaketa Kontratua eta Agentziaren beste dokumentu publiko batzuk

    28/2006 Legean, uztailaren 18koan, zerbitzu publikoak hobetzeko Estatu Agentziei buruzkoan eta Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziaren Estatutua onartu zuen azaroaren 12ko 1495/2007 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, Agentziak honako dokumentuak jakitera eman behar ditu:

    Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziaren Kudeaketa Kontratua

    Urteko Ekintza Planak

    Jarduera Txosten Orokorrak

    Urteko kontuak

    Igo

  • Zerbitzu Karta

    Lehendakaritza eta Lurralde Administrazioetarako Idazkariordetzaren 2016ko abenduaren 22ko ebazpen bidez, (2016ko abenduaren 23ko BOE), onartu egin zen Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziaren 2017-2020 Zerbitzu Karta.

    Zerbitzu Karta hau Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziak erabiltzen duen dokumentua da herritarrei jakinarazteko eskaintzen dituen zerbitzuak zeintzuk diren eta zerbitzu horiek emateko onartzen dituen kalitate konpromisoak publikoki adierazteko.

    Zerbitzu Karten xedea da Herri Administrazioen jarduna zuzendu behar duen herritarrei zerbitzu eraginkorra eskaintzeko printzipioa garatzea, 40/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, 3. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

    Igo

  • Kalitate Politika, Ziurtagiriak eta Sariak

    Kalitate Politika

    Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziari dagokio Estatuko arauen publizitatearen inguruko politika publikoa garatzea. Erakunde honen helburuen artean daude, legean aurreikusitakoaren arabera: arauen publizitatearen zerbitzu publikoa ematea, bai eta ordenamendu juridikoak “Estatuko Aldizkari Ofizialean” eta “Merkataritza Erregistroko Aldizkari Ofizialean” argitaratu beharrezkotzat jotzen dituen gainerako xedapen eta egintzen publizitatearen zerbitzu publikoa ere; eta legeriaren hedapen handiena burutzea, zerbitzu bereizi, irisgarri, doakoak eta kalitatekoak eskainita, herritarren, profesionalen, enpresen eta gainerako bezeroen informazio juridikoko behar espezifikoak asebetetzeko.

    Kalitatearen Kudeaketarako Sistema bat abian du, UNE-EN-ISO 9001:2015 arauaren araberakoa, honako produktu/zerbitzuak barne hartzen dituena:

    • BOE eta BORME aldizkari ofizialen edizioa eta argitaratzea.
    • Gorte Nagusietako aldizkari eta buletinen edizioa: Kongresua.
    • Aldizkari ofizialen atzera begirako tratamenduaren kudeaketa.
    • Lan editorialen prestaketa.

    Kalitatearen Kudeaketarako Sistema (KKS) hau mantentze aldera, Erakundearen Zuzendaritzak honako konpromisoak hartu ditu, ziurtapenaren esparru barruan:

    • UNE-EN-ISO 9001:2015 arauaren eskakizunak betetzea, legezko eskakizunekin eta bestelako eskakizun aplikagarriekin batera.
    • KKSaren zuzendaritza bere gain hartzea, funtzionamendurako behar dituen baliabideak emanda.
    • Erakundearen jardunaren eraginpean egon litezkeen pertsona edo elkarteen eta, bereziki, herritarren beharrak eta itxaropenak ezagutzea.
    • Etengabeko hobekuntza Erakundearen eta haren Kalitatearen Kudeaketarako Sistemaren funtsezko printzipio bilakatzea, berrikuntza eta kalitateko zerbitzuak ahalbidetze aldera.
    • KKSa prozesuen kudeaketan eta akatsen prebentzioan oinarritzea, produktu/zerbitzuen adostasuna eta bezeroen asebetetzea bermatzeko oinarrizko ardatz diren heinean.
    • Langileek KKSaren funtzionamenduan parte har dezaten sustatzea, betiere laneko osasun eta segurtasunaren alorreko berme handienekin, eta etengabeko gaikuntza eta sentsibilizazioa burutzea, zerbitzuen kalitatea bermatzeko eta herritarrek planteatzen dituzten behar berriei aurre egiteko.
    • Kalitate Politika ezagutzera ematea, Erakunde osoak eta haren kanpo hornitzaileek ulertzeko eta onartzeko moduan, eta hauen bezeroek, erabiltzaileek eta alderdi interesdun guztiek ezagutzeko moduan.
    • FSC (Forest Stewardship Council) ziurtagiria mantentzea. Ziurtagiri honek bermatzen du Inprenta Nazionalean burututako eta ziurtatutako edizioak ingurumenarekiko begirunetsua, gizartearekiko onuragarria eta ekonomikoki bideragarria den kudeaketa duten baso eta landaketetatik eratorritako paperean inprimatzen direla.

    Konpromiso hauek gauzatzeko, AEBOEren Zuzendaritzak urtero ezarri eta dokumentatuko ditu eskuragarriak eta neurgarriak diren helburuak. Kalitate Politika urtero berrikusiko du Kalitate Batzordeak, haren edukia erabat indarrean dagoela bermatzeko, erakundearen baloreekin bat datorrela ziurtatzeko eta AEBOEren estrategia funtzionalarekin eta gure herritarrek erakunde honetan jarritako itxaropenekin koherentea dela egiaztatzeko.

    Kalitate ziurtagiriak

    Sariak

    • IKT Estatuko Administrazio Orokorra 2015 saria.

      Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziari eman dio “ IKT Estatuko Administrazio Orokorra 2015” saria SOCINFO Fundazioak. Sari honek Agentziaren eginkizuna goraipatu zuen Informazioaren Gizartearen aldeko apustuan.

    • Herritartasun Saria 2014 accesita.

      “Legegintza Zabalkundeko Sistema Integratuak” jardunbideak 2014ko Herritartasun Sariaren accesita jaso zuen. Sari honek jardunbide berritzaileak goraipatzen ditu produktu edo zerbitzuak emateko orduan, bai eta herritarrekin edo zerbitzu publikoen erabiltzaileekin harremanetarako sistemak diseinatzeko orduan ere. (HAP/1258/2015 Agindua, ekainaren 18koa)

      2014ko Herritartasun Sariaren accesitaren diploma

    • ASTIC 2013 saria.

      Herri Administrazioetako Informazioaren Sistemen eta Teknologien Goi Mailako Kidegoen Elkarte Profesionalak ASTIC 2013 Saria eman zion Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziari informazioaren eta komunikazioen teknologien alde egindako apustu estrategikoagatik.

    • 1. saria TAW 2009 sarietan, webgune publiko irisgarrienari.

      TAW Sariak CTIC Fundazioak (Informazioaren eta Komunikazioaren Zentro Teknologikoa) ematen ditu sareko irisgarritasuna goraipatzeko, Interneten eta bitarteko elektronikoetan informazioa atzitzeko oztopoak desagerrarazteko xedearekin. TAW web irisgarritasuna neurtzeko testa da (gaztelaniako akronimoaren arabera), CTIC Fundazioak Interneteko webgunean aztertzeko garatutako tresna, alegia.

    Igo

  • Enplegua BOEn

    Langile kontratudun finkoen lanpostuak betetzeko hautaketa prozesua AEBOEn.

    Igo

  • Prestakuntzako bekak AEBOEn

    2017ko prestakuntzako bekak Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentzian.

    Igo

Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentzia

Manoteras Etorb., 54 - 28050 Madril